Istoria
Erakundearen jatorriaBEASAIN Kirol Elkartea (Sociedad Deportiva BEASAIN), 1905ean sortu zen eta bere baitan hainbat kirol-sail zituen, sail horien artean mendiko saila. Jarduera horien helburuak eta funtzionamenduak oso desberdinak zirenez, mendizaleak beren bilerak lekurik bitxienetan egitera behartuak zeuden. Baina orduan, gure herri bagoigile honetan oso ezaguna izana den gizon bat sortu zen, beasaindar peto-petoa, dena ontasun eta bihotz zena, eta bere etxea mendizaleen esku jarri zuen eta ilusioz eta gogoz bete zituen kirol horretan gorantz egiteko bideari ekiteko bulkada horrekin. Geroztik, mendizaletasuna, gero eta jende gehiagok izan du, bai duen edertasunagatik, naturarekin duen zuzeneko eta etengabeko harremanagatik, bere garbitasunagatik, duen espiritu-handitasunagatik eta egiten den ariketa fisiko sanoarengatik. Beasaindar handi eta eredugarri hori, gaur egun, eta duela urte askotatik hona, gure Ohorezko Bazkide Joan Agirre jauna da, eta hain zuzen ere bere aretoan, "AGIRRE TABERNAN" bildu ziren hainbat urtetan zehar beasaindar mendizaleak. Haiek ez dute inoiz ahaztuko beren ongile handia eta beti beren oroimenean izango dute.
Mendizale-sailaren sorkuntza
1942 an sortu zen Mendizale-sail berria BEASAIN Kirol Elkartearen barruan. 29 mendizalez osatutako talde txikiak, 1943ko uztailaren 23an formalki eratuta, bere mendi-ibilaldiei ekin zien. 1943ko abuztuaren 17an, Espainiako Mendi Federazioko Lehendakariak, sinatu zuen gaur egun indarrean dauden Beasain K.E.ko Estatutuetako eranskina.
Lehenengo hastapenak
Murumendiko iturria ahalegin askoren ondoren eraiki zen eta bere inaugurazio-egunean bertan jasan zituen astakirten batzuen ondorioak. Berriro berritu eta bertan egin zen plazatxoa nahiz bertara iristeko eskailerak erakusgarri onak izan ziren garai hartan benetako kirolari horiek zituzten kemena eta indarra ikusteko eta geroxeago Arangoiti Ospitaleko jaia sortu zuten egoitzan bizi zirenen ohoretan, hain zuzen ere, zorionez, gure egunetaraino iraun duen jaia.
1953. urtean, aurreko urteetatik zetorren ideia burutu zen eta Usurbeko tontorrean Gurutze handia altxatu zen. Mendizale-elkarteak, Udalaren laguntzarekin eta bolondres askoren musu-trukeko laguntza eta ahaleginarekin, obra ongi burutzea lortu zuen. Gurutzea 1953ko abuztuaren 23an inauguratu zen. Bedeinkatu eta beheko aldean, bere barnean, Loinazko San Martin gure zaindariaren irudia jarri zitzaion.
Elkartea burujabe sortu eta eratzea
1961. urtean eratu zen Aizkorri Mendizale Taldea, 110 partaiderekin, Viktor Ruiz lehendakari zela eta egoitza Agirre tabernan zuela. 1961eko uztailaren 12an, sortze-izaera eman zitzaion elkarteari "AIZKORRI MENDIZALE TALDEA" izenarekin eta Araba, Bizkaia, Gizpuzkoa eta Nafarroako Mendizale Federazioan sartuta gelditu zen. Sortze-uneko zuzendaritza-batzordea honako hauek osatu zuten:
| Lehendakari | José Sánchez |
| Lehendakari-Ordea | Joakin Agirre |
| Idazkaria | Julio Lahidalga |
| Partaideak |
Pedro Pérez |
Lekuko moduan eta batzorde horri adostasuna emanez, honako bazkide hauek sinatu zuten: Joakin Agirrek, Julio Lahidalgak, Jose Garciak, Pedro de Leonek, Jesus Iguainek, Magdaleno Gonzalezek, Emilio Garciak, Jabier Beguek, Felix Bastidak, Jose Zalduak, Jose Luis Hernandezek eta Migel Balbezek.
Jose Sanchez lehendakari zela, Jose Martin Arana kaleko zk-ko behebarrua erosi zen(gaur egun elkarteak egoitza duen lekua). 1962ko azaroan egin zen azkeneko zuzendaritza-batzordearen bilera "Agirre tabernan", hainbat urtetan zehar mendizaleentzat biltoki izan zen lekuan eta halako ontasun eta begirunez hartuak izan ginen lekuan.
Zail izango da mendizaleok urte horiek ahaztea eta beti gogoratuko ditugu maitasun handiz. Bilera hartan, geure jabetzako egoitza izango genuen lekuan obrak oso aurreratuta zeudelako eta bazkideak eske eta eske ari zirelako, urte hartan bertan abenduaren 30ean inauguratzea erabaki zen. Beraz, 1962ko abenduaren 30ean, On Segundo Dorronsoro Beasaingo Erretore jaunak bedeinkatu zuen egoitza berria.
1963ko urtarrilaren 3an, lehenengo Batzar Nagusia egin zen bertan eta egoitza berrian normaltasunez funtzionatzen hasi zen, lehen aipatutako zuzendaritza-batzordea buru zela. Mendizaleon ametsik handiena lortua zen jada, geure egoitza edukitzea. Egoitza bera, leku atsegin eta politean kokatua zen eta obrak "ENTRECANALES Y TAVORA" enpresak egin zituen, Karlos Cortes jn.ak eta Santiago Barcenilla jn.ak abalatutako 100.000 pta.ko kreditu bati esker. Egoitzak handik aurrera, bazkideak eta mendizaleak biltzeko eta mendizale-eskola izateko balio izan du. Izenak berak dioen moduan, elkarte honen zeregin nagusia, neska eta mutil gazteen artean mendizaletasuna kirol moduan sustatzea eta mendian ibiltzeko orientazioa erakustea izan dira, baina hala ere, ahalegin handia eskatu arren, ez dugu baztertu gure beharra izan litekeen beste gizarte-jarduera batzuei arreta eskaintzea ere, eta ez diogu horretan ahaleginak egiteari utzi sor litezkeen zailtasunak eta aurkakotasunak handiak izanda ere. Beti, horiek gainditzeko asmoa eta borondate irmoa izan ditugu.
Ideia nagusia
Mendizaletasuna ezintasunak gainditzeko tresna gisa ulertzen dugu eta ez lehia moduan. Protagonistak eta ikusleak biek bat egin eta urtzen diren kirol moduan alegia. Jarduera noble eta aberasgarritzat dugu. Elkarbizitzako eskola gisa. Umeek mendian beste era batekoak sentitzen dituzte beren buruak eta beren buruekin eta begiraleen aholkuekin frogak eginez ikasten dute. Horrek, elkartasuna eta gainerakoekiko errespetua ematen ditu, gertakari eta ekintza oso xumeekin, baina giza balio sakon eta handikoekin. Ahula dena, bulkada noble eta leial horiez gidatuta, bere ume-bihotz handiarekin eta ezin neurtu ahalako kemenarekin, erraldoi bihurtzen da. mendizaleen artean hain usuko den esaldia aipagarri da hemen: "Mendiak elkartu egiten du, kalea da bereizten duena". Joan gaitezen mendira!
Helburuak
Kirol-helburuak: Gaitasun fisikoak garatzea, ibiltzeko teknika ikastea, indarrak neurtzea eta gordetzea, behaketa- eta orientazio-zentzumena sendotzea, etab.
Kultura-helburuak: Natura eta bere gauza harrigarriak mirestea, lurraren gorabeherak eta orografia, landareak, arkeologia-hondarrak eta beste ezagutzea....
Giza eta hezkuntza-helburuak: Taldean ibiltzeko eta bizitzeko izpiritua eta adiskidetasuna sustatzea (errespetua, laguntza, etab.), zailtasunak gainditzeko ohiturak sortzea eta mendizale-ibilerak eragin behar dituen balio estetikoak, giza balioak, izpiritu-balioak, etab., sustatzea.
Bitartekoak
Beasaingo Udal txit agurgarriaren, Banketxeen, Aurrezki-kutxen, enpresen eta dendarien laguntzen bidez jasotako baliabide materialak. Horiek gabe ezin burutu izango genituzke horrelako proiektu arranditsuak. Giza baliabideen arloan, zera esan daiteke, lan hau, mendizale askoren musu-trukeko lan baliotsu eta erabat horretara emanari esker egin ahal izan dela. Horretan, mendizale heldu eta trebatuek nahiz gazte eta berriek esku hartu dute beren erabateko elkarlana eskainiz eta modu oso desberdinetan lagunduz.
Ondorioak
Labur-labur geure eskarmentua azalduko dugu. Gure jardueretara etortzen diren umeak eta gaztetxoak, funtsean alaiak dira. Gure guraria eta asmoa, hala izaten jarraitzea da eta beren adineko bizitza egin dezatela eta beren arazoak bizi ditzatela, ez helduenak. Horregatik, kontu handia jartzen dugu edozein nahasmendu alderdikoi sor ez dadin eta EDOZEIN hitza errepikatu egin nahi dugu. Urteetan zehar, eskola desberdinetako umeak izan ditugu gure artean, Ikastolakoak, Eskola Nazionaletakoak, La Sallekoak, etabar.. Urteen buruan, nabarmena den integrazioa gauzatu dela ikusten dugu, eta gure ustez, mendiko elkarbizitzak, ezabatu egin du eskola-jatorriaren zeinua.
Beste gauza batek ere harritzen gaitu,zaharrenok batez ere, umeek oso gutxi eztabaidatzen dute eta inoiz ez dira elkarjoka ibiltzen. Harridura noski logikoa da gure garaiko haurtzarora joz gero. Gure elkarteak sortu zenetik izan duen goranzko ibilbidean, ez noski espedizio handietan agertzen diren izenekin, isil-isilik euskal mendizaletasunaren alde lan egin duten eta egiten ari diren pertsonekin baizik, gure umeak antolatzen eta bideratzen lan handia egin du, eta horrek, Euskal Herriko Mendizaleen Elkargoak gure elkartean begiak jartzea ekarri zuen eta Elkargo hori osatzen duten guztien artean. Elkarterik bizi eta jardun handieneko gisa izendatu zuen, mailarik goreneko oroigarria emanez: kirol-merituen "urrezko domina". Domina hori jaso ondoren, sari zuzena egindako ibilbidea kontuan hartuta, orain zaila jarduera-maila horri eustea da, eta horretarako, denen ahalegina behar da bazkideena, laguntzaileena,..., eta guk denei publikoki eman nahi dizkiegu eskerrak emandako laguntza guztiengatik, izan ere, horrelakorik gabe, Zuzendaritza-batzordeek ezina izango baitzuketen beren programak burutzea. Belaunaldi berriek ideia-ekarpen eta ekimen berriak egitea espero dugu, orain arte irabazitako izen onak iraun dezan eta ahal bada gaindi dadin. Bizitzak aurrera jarraitzen du eta guk geure buruari ezarri diogun karga astun eta gustuko honekin jarraituko dugu, beti ere laguntzen diguten guztien eskuzabaltasuna izango dugula kontuan hartuta, geure herria goratzeko eta gure "txikitxo maiteen" honetan jarduteko.
Hasierako irteerak Pirinioetara, Alpeetara, Marokora, Nepalera
Lehenengo urteetan, irteerak, ia gure herrialdeko (Gipuzkoako) mendietara bakarrik egiten ziren, izan ere, ibiltzeko bitartekoak normalean, bizikleta edo txirrindua eta trena izaten baitziren helburura hurbiltzeko.
Baina bi urte igaro baino lehen, mendizale beasaindarrak Pirinioetara joan ziren, eta itzuleran, bisitatu zituzten tontor handiez eta haietatik zeuden bistez hitz egin ziguten, eta hortik aurrera, Pirinioetara egindako irteerak etengabeak izan dira.
Baina Pirinioen atzean Alpeak zeuden, eta mendi haiek han ibilitako beste mendizale batzuen diapositibetan ikusten genituen, eta haiek ezagutzeko gure guraria gero eta handiagoa zen. 1968. urtean, hiru mendizale Chamonix-era joan ginen Mont-Blancera igotzeko asmo sendoarekin, eta arrakastaz igo genuen, baina ez hala Cervino eta Mendi Arrosa gure agendan idatzita egon arren, izan ere, Cervino erdi-igoa genuela, eguraldia okertu egin zitzaigun eta bi sokaldiren faltan gelditu ginen gailurrera iritsi gabe, geure bizitzak ere arrisku larrian genituela.
Hala ere, geure baitan genuen itzultzeko arra, eta hurrengo urtean itzuli ginen, eta orduan bai, hiru helburuak lortu genituen: Cervino, Mendi Arrosa eta Mont-Blanc. Ondorengo urteetan, mendizale asko joan dira tontor haietara eta beste gailur garrantzitsu batzuetara ere igo dira, hala nola: Eiger-era,Jungfrau-ra, Den Blanche-ra, Aig-Verte-ra, eta abarretara.
Marokoko Atlas mendikatera ere egin dira irteerak eta Tubkal, Timesguida, Manokaingo Ras, Tadat, etab... igo izan dira, baina beren urruntasuna dela eta, garrantzitsuenak aipatzearren, 1977an eta 1979an Nepalera egindako irteerak ere aipatu beharra dago.
Mendiak, ordea, bere hildakoak ere baditu eta elkarte honek ere ezin ihes egin patu horri. Hala bada, 1977ko ekainaren 28an, Vignemale tontorretik oso hurbil zela, beste bi mendizalerekin batera, betiko galdu genuen gure adiskidea.
Sebastian Sanchez Sarriegi (atseden beza bakean) istripu malapartu bat zela bide. Beste biak, Fernando Terradillos Andres, Ordiziakoa eta Orbegozo Azpeitikoa izan ziren (a. b. b.).
Gazteei eta mendizale txikiei eskainitako arreta
Baina dena ez da ibilaldi, igoera eta laguntza eta Elkarte honek badu bere buruarekiko erronka bat: etorkizuneko mendizaleak prestatzea, nola teknika aldetik hala izpiritu aldetik, gailurrik handienak zapaltzeko presta daitezen.
Ikasketa hori, oso anitza da eta kirolaren arlo asko jorratu beharrekoa.
Hasi eskitik, jarraitu eskaladarekin, segi ibilaldiekin, egin kanpaketak dendetan, egon aterpetxeetan, bisitatu leku ikusgarriak edota sartu historiaurreko kobazuloetan.
1974. urtean hasi zen Elkartea umeen eta gaztetxoen mendizaletasunari arreta berezia eskaintzen, izan ere, adin horietan jarduera horiek sustatzea, biharko mendizaleak trebatzeko harrobi aberats dela ulertu baitzuen. Gure egoitzan bada argazki historiko bat, gaur dokumentutzat har daitekeena, sustapen hori hasi zutenena hain zuzen ere, eta bertan pausatzeko ez zuen denborarik izan, gure mendizale txiki Inazio Mari Zurutuza Zubeldiak, izan ere, 1975eko maiatzaren 24an, 14 urte betetzeko hilabete falta zitzaionean, kalean jolasean zebilela, istripu larria jasan baitzuen eta hantxe hil gure mendizale txikia (atseden beza bakean).
Ume eta gaztetxoen jarduera hori, urtero martxotik ekainera eta irailetik abendura burutzen da igandeetan irteerak mendirako eginez eta ostiraletan egoitzan proiekzioak edo hitzaldiak emanez.
Duela 8 urte bere ibilbidea hasi zuen gaztetxo-talde hartatik, igoeretan eta ibilbideetan trebatutako gazte-taldea irten da. Gaur egun 245 dira guztira (1986. urtea), eta batez beste 120 gaztetxok esku hartzen dute 5etik 14 urtera bitartekoen artean, baina gainera, gazteen taldean irteten direnak daude.
Lan hori, mendizale askoren musu-trukeko ahalegin osoari esker da egingarri, helduen eta gazteen ahaleginari esker, lan horretan modu askotara beren izate osoa jarri dutenei esker noski.
Gure jardueretara etortzen diren umeak eta gaztetxoak, eskola desberdinetan ibili arren, erabat txertatzen dira taldean eta talde trinkoa osatzen dute denon onaren alde ahaleginak egiteko eta elkarlanean jarduteko.
Gure Elkarteak sortu zenez geroztik egin duen goranzko ibilerak, Euskal Herriko Mendizale Elkargoak berak ere gure elkarteari begira jarri eta bere partaideen artean jarduera gehien egiten zituen elkarte bizien gisa ikusi zuen eta saririk handiena eman zion: kirol-jardueren "urrezko domina" (1979ko urria). Domina hori jaso ondoren, sari zuzena egindako ibilbidea kontuan hartuta,
orain zaila jarduera-maila horri eustea da, eta horretarako, denen ahalegina behar da bazkideena, laguntzaileena,..., eta guk denei publikoki eman nahi dizkiegu eskerrak emandako laguntza guztiarengatik, izan ere, horrelakorik gabe, Zuzendaritza-batzordeek ezina izango bailukete beren programak burutzea.
Mendiaz kanpoko jarduerak
Mendizale-taldeak ez ditu ordea bere jarduerak mendian bukatzen eta gizartearen alde bere ale-hondarra jartzeko beti prest egoten da.
Beraz, programa edo egitarau zabala gauzatzen du zaharrenetatik hasita gazteenetaraino. Gure adinekoentzat ondorengo egitaraua antolatu ohi du:
Urtarrilaren 6an, Errege eguna, umeek ez ezik, adinekoek ere egun
zoriontsua igaro dezatela nahi izaten dugu, alde batetik umeentzat egun horrek duen esanahia kontuan hartuta, baina bestetik gure adinekoentzat duena ere gogoratuta, beraz, egun horretan, gure egoitzan biltzen ditugu eta aparteko luncha ematen diegu.
Otsailaren lehen igandean, gure zaindari Loinazko San Martinen martiritza-jaiaren inguruko igandea izaki, Arangoiti egoitzako adinekoak eta umeak gonbidatzen ditugu, senidetasuneko bazkaria egitera, eta gainera, opari txiki batzuk eskaintzen dizkiegu. Ondoren, jai bikaina ospatu ohi dugu mojekin, Udal txit goreneko ordezkariekin, prentsakoekin, elkartekoekin eta gainerako bisitariekin batera.
Maiatzean, Loinatz jaietako egun bat, gure aurreko belaunaldietakoekin topo egiteko erabiltzen dugu eta erretiratuentzako festa polita antolatu ohi dugu. Erretiratuek toka- eta igel-lehiaketan parte hartzen dute izugarrizko kiroltasun eta adiskidetasunean eta amaieran kopa bat ematen zaio arlo bakoitzean irabazle suertatu denari. Gainerako partaideei ere sariak banatzen zaizkie eta barre eta berriketarik ez da falta izaten gure egoitzan, luncha eskaintzen zaien bitartean.
Gure egoitzan harribitxirik preziatuenaren tokia du eta dominarik garrantzitsuenaren balioa, Julian Huertasek, Erretiratuen Elkartearen izenean, oparitu zigun eta Vulcanoren sutegia iruditzat duen koadroak. ESKERRIK ASKO, LAGUNOK!
Horixe da gure urteroko egitaraua gure adinekoentzat, eta guk ahal izango bagenu, askoz ere zabalagoa izango litzateke. Horrela, neurri txiki batean behintzat, gure aurrekoek guregatik egin dutena ordaindu ahal izango diegu, berez askoz ere gehiago merezi duten arren. Itxaron dezagun luzarora gabe arlo horretan askoz ere gehiago egin ahal izatea.
Bere prestakuntzak hilabete asko eta lan handia eskatzen duen beste kultura-ekitaldi bat, duela urte askotatik hona elkarte honek Loinatz jaietan antolatzen duen eskualdeko argazki-lehiaketa da. Ematen diren sariengatik eta lehiaketak antolakuntzan eta kalifikazioetan duen seriotasunarengatik, oihartzun handia du arte eder hori maite dutenen artean.
Herri-mailako diapositiba-lehiaketa ere abiarazi zen eta argazkigintzako zaletuen artean harrera ona izan du. Horrek animatu egiten gaitu jarraipena ematera.
Zuzendaritza-batzordeko kargudunak" 1988 arte (Zilarrezko ezteiak):
|
Azken oharra:
Hemen tratatzen den gaiaz irakurleren batek informazio gehiago baldin badu, eta informazio hori ematerik baldin badu, mesedez, Zuzendaritza-batzordekoekin harremanetan jartzea eskatzen diogu.
Horrekin denok irabaziko dugu. Eskerrik asko aldez aurretik.